2007-02-07

Prentsa

.
Herrira-k hamar urte, eta aurrera
.
Santutxuko Herrira plataforma duela hamar urte sortu zen. Garai hartan auzoko presoen senide eta lagunen inguruan presoen giza eskubideak errespetatzeko aldarrikapenean sortu zen plataforma. Bertan auzoko hainbat kolektibo, eragile eta talde bildu ziren. Herrira plataformak hainbat ekimen egin ditu urte hauetan euskal presoen eskubideen aldarrikapenean eta defentsan, eta jende ugarik hartu du parte Herrira-k antolaturiko ekimenetan, batzuetan gutxiagok besteetan gehiagok, baina hilero-hilero hor egon gara.
Hamar urte luze hauetan ere egoera politikoak aldaketa ugari izan ditu eta denetarik izan dugu herri txiki honetako panorama politikoan.
Aldatu ez diren gauzak ere baditugu. Presoek, sakabanaketa dela medio, Espainiako zein Frantziako estatuetako kartzeletan jarraitzen dute, etxetik milaka eta milaka kilometrora. Gainera, Espainiako eta Frantziako gobernuek kartzela eta zigor arloetan aurreko gobernuen ildo bera daramate: zigorren gehitzea, sakabanaketa, bakartzea, komunikazioen murrizketa, gaixo dauden presoen eskubideen urraketa, presoen hezkuntza eskubiderako eta euskararen erabilerarako trabak jartzea...
Hamar urte bete ditu plataformak, eta euskal presoen eskubide guztiak errespetatuak ez diren bitartean lanean jarraituko dugu.
Azkenaldian manifestu berri bat atereaz atxikimendu ugari lortu ditugu auzoan, 35 eragilerena baino gehiagorena, baita auzoko aktore, irakasle, abokatu, apaiz, idazle, musikari eta kazetarirena ere. Manifestu horretan euskal preso politikoen eskubide guztiak errespetatzeko eskaera egiteaz gain, batetik, deialdi zabala egiten diegu auzokideei hilero bigarren ostiralean Santutxun egiten dugun mobilizazioan parte har dezaten. Bestetik, berretsi nahi genuke egoera politikoa dena delakoa izanda euskal preso politikoen eskubideak errespetatuak izan behar direla eta haien eskubideen alde lan egitea gatazka konpontzearen alde lan egitea dela. Beraz, hurrengora arte, otsailaren 9an elkar ikusiko dugulakoan.
.
HERRIRA Plataforma